Maiatzaren 18an Fco. Javier Iturbide, gure bailarako medikua, eta Nemesio Delgado, Igoako maisua, gogoratu eta omenduko ditugu, 1936ko kolpe faxistaren ondoren atxilotu, jipoitu eta espetxeratu egin baitzituzten. Ondoren, baztertu egin zituzten eta ezin izan zuten beren lanbidean berriro jardun.
Haiek kartzela, umiliazioa eta mespretxua jasan zituzten sinesten zuten horretan lan egin eta borrokatzeagatik, osasun publiko eta unibertsala Francisco Javier Iturbide doktorearen kasuan, eta hezkuntza publiko, laiko eta herrikoia Nemesio Delgado maisuaren kasuan. Gaur, inoiz baino gehiago, borroka horrek hor dirau.
Egun honetan ez ditugu ahaztu nahi frankisten altxamenduaren ondorioak modu batera edo bestera pairatu zituzten Basaburuko 40 seme-alaba baino gehiago.
Ekitaldi honen bidez, eta osasun-zentroan eta eskolan bi plaka jarrita, haiekin egindako bidegabekeriaren oroitzapena mantendu nahi dugu, jakitun baikara horrek ez duela zorrik kitatzen, eta gogoan mantendu baino ez duela egiten.